Proiektuak
Esperientzia, programa eta proiektu guzti hauek, bere txosten propioa dute. Bertan informazio guztia jasotzen da. Era berean ikasturtean zehar jarraipena eta balorazioa egingo zaie.

Eusle
Eusle programa, hizkuntza ikasteko murgiltze programa berria da; gure hezkuntza-sistemara iritsi berri diren ikasleei EUSKARA eskuratzeko prozesua errazteko programa.
Helburua, Euskararen oinarrizko gaitasun komunikatiboa lortzea da, eskola eremuan harremanak eraikitzeko, ikasleen inklusioa erraztu eta hezkuntza arrakasta bermatu ahal izateko.
Ondarretan 2021/2023 ikasturteetan eramango da aurrera 4, 5 eta 6. mailako ikasleekin.

Bidelaguna
LH3. Zikloan martxan jarritako proiektua da. Errefortzua behar duten ikasleei zuzenduta dago eta asteko lau egunetan eskolaz kanpoko ordutegian bi monitoreen laguntza jasotzen dute. Klase ordu hauek ez dira soilik etxerako lanak egiteko saioak, baita norberaren autonomia garatzen laguntzeko ere (agenden kudeaketa, materialen prestaketa, zailtasun akademikoetan errefortzua jasotzeko…).
Talde honetan parte hartuko duten ikasleak zikloko tutoreek, zuzendaritza taldearekin eta aholkulariarekin batera, aukeratzen dituzte. Honetarako, hurrengo irizpideak jarraituko dira: ikasleen beharrak, jarrera eta etekina ateratzea.

Nolega
Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzea da proiektu honen helburua. Eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio-jarduerak hauek dira: Kantagintza (HH), Antzerkigintza (LH1), Irratigintza (LH2) eta Bertsogintza (LH3).

G-suite
Aurreko ikasturtean, proiektu pilotu moduan, G-suite plataforma ezarri genuen. Konfinamendu garaia iritsi zenean aurreikusita genuen plangintza bertan behera utzi behar izan genuen. Irakasleon irakasle.eus-eko eta ikasleen ikasle.eus-eko korreoak martxan jarri genituen etxetik lana egin ahal izateko.
Ikasturte honetan, eskolan eta modu presentzialean, korreoen erabilera, drive, classroom e.a landuko dira.
Irakasleon formazioa ere antolatuko da, zuzeneko formazioa eta online ikastaro bidez.

Sare hezkuntza
Ikasturte honetan sartu berriak gara proiektu honetan. Honi esker jardunaldi erdi bat gehiago lortu dugu eskolan proiektu hau aurrera eramateko eta 5000 €-ko dirulaguntza, gailu teknologikoak eta ikas-lizentziak erosteko.
Haur hezkuntzarako pantaila interaktibo eta tablet batzuk erosi dira. Honekin batera “Irakurketa digitala” lantzeko ENCODIGO aplikazioaren formazioa jasoko dute HH, LH 1.zikloa eta Laguntza taldeko irakasleek Eduardo Herreraren eskutik.
Bigarren ziklorako Santillanako lizentziak erosi dira etxerako lanak bideratzeko (euskara eta gaztelanian).
Proiektu honetan egoteagatik ere, ikasle bekadunentzat, gailu teknologikoak erosteko beken deialdian parte har dezakegu ere. Ikasturte honetan 2. Zikloko ikasleentzat 48 chromebook erosteko dirulaguntza zuzendaritzatik bideratuko da.
Bestalde, eskolak IKT maila erdia lortzeko konpromezua hartu da ere.

Eskolako Agenda 2030
Trantsizio urtea igarotzen ari gara eta, Eskolako Agenda 21 zena, Eskolako Agenda 2030 bihurtu da, Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan oinarrituta, GIH. Helburu hauek nagusiki mundu mailan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko sortu dira.
Aurten iaz ezagutzen hasitako 15.helburuarekin jarraituko dugu: LEHORREKO EKOSISTEMETAKO BIZIA. Aurtengoan gai berria dugu eskuartean : Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna.
Zelaiak eta larreak biodibertsitatez beteriko ekosistemak izateaz gain, belarra, Euskal Herriko baserrietan dagoen altxor preziatu dugu. Horretaz gain, zientzialari ugairek dioten bezala, landareekiko itsu bihurtzen ari gara, belaunaldiz belaunaldi dugun ezagupena galtzen ari garelako.
Ikasturtean zehar, ikasleekin batera, hausnartzeko aukera paregabea izango dugu. Burutuko diren ekintzen berri izango dira, bi diagnosiko ekimenak aurrera eramango dira. Bata eskola mailan eta bestea herri mailan.
Hauek egin ondoren, hobekuntzarako proposamenak eta konpromisuak ikasleek, ESKOLEN ARTEKO FOROra (kaleko diagnostikoa) eta ESKOLAKO INGURUMEN BATZORDEra (eskolako diagnostikoa) eramango dituzte.
Bukatzeko, hartutako erabakiak eta adostuko dena herriko Eskolako Agenda 2030eko foroan azalduko dira.

Partekatzen ikasi
“Hezkuntza-Lidergoa eta ikastetxeen hobekuntzan duen eragina”.
Ondarreta ikastetxean azken urte hauetan, erretiroak direla eta, zuzendaritzan ematen ari diren aldaketagatik, esperientzia hau zuzendaritza taldearen lidergoa finkatzeko oso egokia iruditzen zaigu.
2018-2019 ikasturtean ikasketa burua jubilatu zen eta ikasturte honen amaieran idazkaria.
Lidergo sendoa oso garrantzitsua da hobekuntzak lortzeko, hezkuntza hobetzeko gako bat da.
- Zuzendaritza taldea eskolaren beharretara egokitu behar da, kudeaketa pedagogikoa lehenetsiz eta lidergo pedagogikoa indartuz.
- Prozesu parte-hartzaileak bultzatu behar ditu, ikastetxeko pertsonen gaitasunak aintzat hartuta.
- Zuzendaritza epe baterako egonkorra izan behar da, eta hori lortzen ez denean (gure egoera dela) tresnak izan behar ditu behar duen kohesioa lehenbailehen lortzeko.
Hurrengo ikasturtean zuzendari taldearen kohesioa landu behar dugu, talde lana eraginkorra izan dadin eta esperientzia handia duten ikastetxe hauek ematen diguten aukera aprobetxatu nahi dugu.

Ongi etorri eskolara!
Proiektu hau 2018-2019 ikasturtean, eta Andoaingo udalari esker, martxan jarri zen honako helburuekin
1. Herrira etorri berri diren eta beste lurraldeetan edo erkidego autonomoetan jatorria duten familiei sustengua ematea.
- Herriko baliabideei buruzko informazioa ematea.
- Herrian parte hartzea sustatzea.
- Familia euskaldunarekin egingo den harremanaren bidez, herriko harreman sareak zabaltzea.
- “Familia laguna” programa abian jartzea.
2. Kultura arteko eredu pedagogiko baten bitartez, eskolan eta herrian kultura desberdinen ezagutza eta ahalduntze lana aurrera eramatea.
- Kultura aniztasunaren, eta kultur arteko egitasmo pedagogikoarekin lan egitearen inguruko sentsibilizazio lana aurrera eramatea hezkuntza komunitatean eta herriko eragile desberdinen artean.
- Norabide anitzeko lanaren bidez, geletan parte hartzea. Irakasleri, ikasleri eta familien artean, kultura aniztasunarekin zerikusia duten gaiekiko, parte hartzaileak eta gogoetarako izango diren kanalak sortuz.
3. Herrira beste lurraldeetatik edo erkidegoetatik datozen familien artean euskara eta euskal kultura sustatzea.
- “Familia laguna” programa abian jartzea, familia euskaldun eta beste herrialde batzuetatik datozen artean.
- Euskara sustatzeko helburua duten kultura arteko jarduerak aurrera eramatea.
- Herrian euskara ikasteko erraztasunak eskainiko dizkieten baliabideetara gerturatzeko sare sozialen sorrera aurrera eramatea.
4. Herrian kultura arteko lanketa aurrera eramatea.
- Herriko eragile desberdinekin elkarlanerako sareak sortzea.
- Herrian kultura arteko jarduerak aurrera eramatea.
- Herrian egiten diren ahalik eta jarduera gehienetan kulturartekotasun ikuspuntua kontuan hartua izan dadin, lan egitea.

Emantik
Andoaingo udalak bultzatu duen proiektua da. Proiektu honen helburua Andoaingo neska-mutilen ongizate emozionala bilatzea da.
Ikasturte honetan proiektua 3. Ziklora zabaldu da, beraz aurten, 2. eta 3. Zikloko ikasleek hartuko dute parte.
Proiektu hau aurrera eramateko, emozioen identifikaziorako (amorrua, tristura, beldurra…) aplikazio bat erabiliko dugu (tablet) eta emaitzen azterketarako, psikologo talde bat egongo da, irakasleei laguntzeko eta aholkatzeko.

Gautena: gela egonkorra
Gautenak gela egonkor bat ireki zuen 2017-2018 ikasturtean. Gela honen helburua sozializazioa izanik, ikasle hauek gure ekintza osagarri guztietan parte hartzen dute. Honetaz gain, badugu ikasle bat eskolaratze partekatua duena.