Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua

Ikasleei buruz dugun kontzepzioa

Ikuskera horrek pertsona eta ikastetxea osotasunetik, bizitzatik, ulertzera garamatza. Inola ere ez modu isolatuan, estatikoan, amaituan eta zatikatuan.

Gure hezkuntza-ekintza ikasleari zuzenduta dago, baina ikuskera horrek eskuhartze horretan parte hartzen dugunok ere barne hartzen gaitu; azken batean, pertsona-kontzeptuaz ari baita. Edozein analisi egiten dugula edo edozein erabaki hartzen dugula ere, ez ditugu ikasleak bistatik galdu nahi, aitzitik, ikasleen garapena, beren ona , irakasleen, familien, erakundeen eta abarren bestelako interesen gainetik.

Ikasleei buruz dugun kontzepzioak funtsezko hiru elementu ditu oinarrian:

  • Ikasle bakoitzarengana hurbiltzean izaki globaltzat hartzea.
  • Ikasleek dituzten interesguneetatik abiatzea (ez irakasleen interesguneetatik), horrela jolasa eta helduen munduaren imitazioa jartzen baititugu hurbilketa horren ardatz nagusitzat .
  • Ikasle bakoitzak bere ezaugarri kontzeptualak eta emozionalak eta bere gaitasun indibiduala duela onartzea

Helburu orokorrak

Ez dira bakarrik ikaslearentzat definitutako helburuak, nahiz eta hauek izan gure muina. Hauek orokorrean eskola komunitateko pertsona zein taldearen hazkuntza proiektu bezala hartzen ditugu. Helburu orokorretan hiru atal nabarmenduko ditugu:

  • Nortasun garapenari lotutako helburuak
  • Gizarte harremanen garapenari lotutako helburuak
  • Diziplina eduki handiena duten ikasketen helburuak

Nortasun garapenari lotutako helburuak

  • Bere barne mundua eta afektibitatea adierazi.
  • Bere gorputza ezagutuz eta garatuz joan.
  • Arretazko jarrera garatu
  • sentitzen dudanaz
  • gertatzen zaidanaz
  • nire gorputzak behar duenaz
  • gelditzen jakitea…
  • Jokaeran eta pentsakeran autonomia hartu.
  • Bere burua ezagutuz, dituen mugak onartu eta autoestimua indartu.
  • Jakin-nahia, behaketa eta bilatze grina garatu.
  • Uneaz, orainaz gozatzen jakin.
  • Kontzentratzeko gai izan.
  • Egiturak aldatu eta sortzen diren gatazka eta zailtasunak bideratzeko jarrera aktibo eta sortzailea eduki.
  • Sentiberatasun artistikoa garatu.
  • Isiltasunaren garrantziaz jabetu

Gizarte harremanen garapenari lotutako helburuak

  • Bere burua Kosmosaren zatitzat ikustarazten dion kontzepzioa gidari izatea bere bizimoduan. Naturarekiko eta beronen legeekiko harremanean, elkarlana baliatzea.
  • Bestearen kontzientzia hartzea, bestearen presentzia sentitzea, eta bestearen izaera errespetatzea. Ulertu eta ikasi nahi izatea.
  • Tolerantzian oinarritutako jarrera izatea.
  • Ezberdintasuna nolakotasuntzat hartzea, ez bazterketarako arrazoitzat.
  • Bere gizarte, kultur eta hizkuntz inguruaren zati sentitzea, inguru horretan gertatzen diren aldaketa sakon eta etengabeetara moldatuz bere sentikortasuna.
  • Pertsonak baloratzean, direnaren arabera ikustea, ez daukatenaren arabera.
  • Konpromiso aktiboa hartzea kolektibitatearen zerbitzuetan.
  • Hartutako konpromisoetan arduraz jardutea.
  • Elkarrizketaren bidez bilatzea arazoetarako irtenbideak (Kontsensu bidezko irtenbideak Botoaren gainetik daude). Botoa ematean arduraz jardutea.
  • Bere gizabidezko portaera giza erantzukizunaren emaitza izatea.
  • Kritikak aurrera egiteko eragiletzat, hau da, lagungarritzat hartzen eta erabiltzen ikastea.

Diziplina eduki handiena duten ikasketen helburuak

Pixkanaka-pixkanaka garatzea ikasketa-planaren hiru faseak maila bakoitzeko gela guztietan, beharrezko jarduerez baliatuz horretarako.

Faseak honakoak dira:

  • Lehenengo fasea: testuinguruen garapena, honek berekin dakarren guztiarekin.
  • Bigarren fasea: Testuinguru bakoitzeko jarduera guztien eduki, helburu eta funtsetan sakontzea, eremuak sekuentziaka antolatzearekin batera.
  • Hirugarren fasea: Jarraipena –esku-hartzea- Ebaluazioa.


Antolaketa, prestakuntza- eta koordinazio-egitura egokiak garatzea, bakoitzean diseinatutako laneko planak gauzatu ahal izateko, ikastetxeko irakasle guztiak inplikatuko dituen proiektuaren kudeaketaren bidez.

Ikuspegi hau guztia mamituz joan da, eta gaur egun eskola-komunitate hau definitzen duten ezaugarriak bereganatzera iritsi da.

IKASTETXEAREN PROIEKTU DIGITALA (IPD)

Ikastetxearen Proiektu Digitala (IPD) baliabide digitalen erabilera erraztu eta sustatzeko tresna bat da, zentroko irakas, ikas eta kudeaketa prozesuetan. Hezkuntza Proiektuan, Zuzendaritza Proiektuan eta Urteko Planean txertatu behar da. Zentro osoaren ikuspegia izan behar du. Horrela, eskaintzen dituen aukerei probetxurik handiena aterako zaio. Hezkuntza komunitate osoaren proiektu partekatua izan behar da, koherentzia emateko eta teknologien erabilera gidatzeko. Ikastetxeek potentzial digitala garatzeko erreferentzia da: Digitalki Eskudunak diren Hezkuntza Erakundeetarako Europako Markoa (DigCompOrg).

  • Ikastetxearen Proiektu Digitalaren helburuak:
    • Ikastetxearen egoera ebaluatzea, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabilerari dagokionez.
    • Plan Digital batek hezkuntza-erakundearen estrategia digitala planifikatzeko duen potentziala aitortzea.
    • Zentroa etengabe ikasten ari den erakunde bat bilakatzea. Horretarako, beharrezkoa da digitalki konpetentea izatea.
    • Hezkuntza-komunitateko estamentu guztiak inplikatzea ikastetxeetako kultura digitala garatzeko.

    Ikastetxearen Proiektu Digitalaren ekarpenak:

    • Gaur egun ikastetxea non dagoen ulertzen lagunduko du. Ikastetxearen egoeraren analisia: autoebaluazioa eta hausnarketa.
    • Ikastetxeak nora iritsi nahi duen zehaztuko du: helburuak.
    • Ikastetxea egoera batetik bestera eramango duen bidea marraztuko du: helburuak lortzeko ekintzak zehaztea.

     

     

  • IKUS ONDARRETA IKASTETXEKO PROIEKTU DIGITALA  HEMEN