Historia
ERAIKINAK ETA HISTORIA
1970.urtean ekin zion bere ibilbideari Ondarreta ikastetxeak. Lurzoru horretan bertan kokatzen zen Ondarreta Baserriak eman zion izena, betirako gure gogoan gera zedin. Aurrerapauso handia izan zen herriko eskolen antolamenduan, eta aurrekarien oinordetza jasotzearekin bat, berrikuntza eta eguneratzeko lan mardula ere bere esku geratu zen. 50 pauso irmo eta istorio ugari Eskola Publikoaren garrantzia bermatzeko. 1980ko hamarkadan Sorabillako Eskolak itxi baziren ere, Karrika, Etxeberrieta Berria, Etxeberrieta Zaharra eta Ondarretako eraikinek guztiz betetzen zituzten herritarren beharrak. 1990eko hamarkadan Leizaran eta Ondarreta ikastetxeek bat egin zuten beren indarrak elkartuz eta horrela jardun ziren urte batzuetan zehar. Eraikinak Udalaren ardurapean geratu ziren, eta hamarkada honen erdialdera Karrika eta Etxeberrieta Zaharra eraikinak itxi baziren ere, beste berri batzuek hartu zuten hauen tokia 2007an ireki Poligono 17ko eraikina kasu.
EUSKERA
Hezkuntza eta hizkuntza elkarren alboan behar dutelako pentsakera ez da beti ideia erraza suertatu baina beste batzuen gisan, Ondarreta Ikastetxeko arduradunak ere sakon tematu dira hori horrela gerta zedin. Eskola Nazional zeritzen haien oinarriak eraldatzeko eta euskerari nahiz herriari ukatu zitzaizkien eskubideak berreskuratzeko grinaz sortu zen Ondarreta ikastetxea.
Sortu eta gutxira, hezkuntzari euskera irakasleak eskatzen zaizkio. 1970eko hamarkada amaieran, irakasleak euskera formakuntza jasotzen hasten dira eta 1979an idoneoak iristen dira eskoletara. Euskera asignatura da jada. 1980ko hamarkadan, idoneoak zein espezifikoak daude. A eta B ereduak martxan dira jadanik, eta 1982an Ondarreta ikastetxeko zigilua aldatu eta bi hizkuntzatan agertzen da. Aktak ere elebidun bilakatzen dira. 1990eko hamarkadan aldiz, D eredua zabaltzen da Ondarretan A eredua desagertzearekin bat. 2000ko lehen hamarkadan, klaustroko aktak euskera soilean idazten dira eta hamarkadaren amaieran B eredua desagertu.
SEXU NAHASKETA ETA ERLIJIOA
Colegio Nacional Mixto Ondarreta da bere sorrerako izena, eta duen zentzuan ulertu behar da hori ere. Urte luzez hezkuntzak eta konkretuki Eskola Nazionalak zeritzanak, mandatariek zein erlijioak zehaztutako helburua eta betekizuna zuen.
Ondarreta ikastetxeak horren oinordekotza jaso eta eraldatzeko helburu latza zuen beregan.
1970eko hamarkadan, lehen pausoak eman ziren eta ahal bezainbat mutilak eta neskak nahastearen aldeko agertzen da klaustroa. Baita erlijioa modu zientifikoagoan eta ikaslearen ingurugiroarekin lotuagoa dagoen moduan irakastearen aldeko. 1980.hamarkadan jada, gela guztietan daude neska zein mutilak nahastuta. Berdintasuna, errespetua eta kultura aniztasuna izan dira eta dira gaurko egunez Ondarreta ikastetxeko oinarriak, eta ikasle migrante ugari izateak ideia horiek bermatu, aberastu eta indartzeko beta eskaini dio. Ez baita dudarik, guztion lana eta guztion ardura horixe dela gizartean bertan ere, eta hezkuntza irakasleen nahiz ikasleen ardura izaki, ez da aukera hoberik guztien artean oinarritik egitea baino.
Ane Olazabal, Ondarretako Irakasle ohia.