Ezaugarri metodologikoak

Testuinguru sozialak, egonkorrak eta osagarriak

Programazio, disziplina anitzeko ikuspegia nagusitzen den bizi-ekintza bidez, bideratzen da.

Gizarte testuinguruak

Gizarte testuinguruek erraztu egiten dute emozioak azaleratzea, kontrasteen bidez kontzeptu eta jarrera eskemek bilakaera izatea, eta norbanakoaren eta taldearen nortasuna garatu eta finkatzea. Une bakoitzean sortzen den egoera ezin aurreikusizkoa, errepikaezina eta bizia izatea ere eragiten du. Hain zuzen ere, gure izatearen beste edozein eremutan gizarte harremanekin gertatzen den bezalaxe.

Testuinguru egonkorrak

Testuinguru desberdinetan zehar aldian-aldian eta sistematikoki mugitzeak testuinguru bakoitzak eskaintzen duen jakinduria-multzoan sakontzeko aukera ematen dio ikasleari. Ikastea unean uneko kontzeptu-eskemaren mendean dago. Jarduera berean denbora-tarte handiz lan egin ahal izatearen ondorioz, garapen handiagoko kontzeptu-eskemen bidez ekiten zaie gaiei, eskema horiek bilakaera progresiboa izan dute eta. Egonkorra izateak ez du esan nahi itxia izatea, monotonoa eta beraz sormenik gabea izatea, zeharo kontrakoa baizik. Hezkuntza-sentsibilitatearen etengabeko garapena eskatzen du, sortzen diren egoera pertsonalak eta gizarte harremanak antzemateko eta sormena garatzeko, prozesuak errazteko esku-hartzearekin batera. Ez dira testuinguru estatikoak, baizik eta sistemikoak eta elkarrekintzazkoak.

Medioteka, funtsezko informazio iturria

Informazio eta komunikazioaren teknologiarekin zer ikusia duten baliabide multzoari mediateka deritzogu.

Ikasleek eta irakasleek bere jarduerak garatzeko erabiltzen dituzten informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin lotutako baliabideen multzoari medioteka esaten diogu. Erabiltzen diren oinarrizko baliabideak honakoak dira: liburutegia, egunkaria, irratia eta telebista. Hauei guztiei informatika gehitu behar zaie, lanabes orokor gisa. Multzo honen barnean, testuliburuak beste lanabes bat dira, ikasleek erabiltzen dituzten baliabideen artean. Mediotekaren bidez posible da baliabideak eskuratzea, informazioa bilatuz eta aukeratuz eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiek horretarako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz; baliabide horiek, ondoren, testuinguru desberdinetan garatzen diren jardueretan erabili ahal izaten dira. Beste helburuetako bat ikasleak, autonomia eta erantzukizunetik abiatuta, mediotekaren beraren funtzionamenduan inplika daitezen lortzea da, kolektibitatearen zerbitzurako elementutzat ikusi behar baitute, aurrerapen pertsonal eta orokorren kontzientzia hartuz bide batez. Mediotekaren erabilerarekin lotutako helburu partzial batzuk: Sinboloen interpretazioa: kodeak, ikonoak. Mediotekaren antolaketarako kode hamartar unibertsala erabiltzea. Liburuak eta beste material batzuk sailkatzeko irizpideak ezagutzea. Informazioa daukaten euskarriak erabiltzea, hala nola liburua, bideoa, softwarea, CD-Roma, Web orria,… Informatika-programa erabiltzea. Informazioa eskuratzeko teknologiak erabiltzea: internet, intranet. Liburuak hainbat ikuspegitatik deskubritzea, esaterako ilustrazioengatik, testuagatik, letra-mota, papera eta neurriagatik… Kolektibitateari eskaini zerbitzutzat ikustea jarduera. Giro egokia lortzeko inplikazioa. Gizarte muga. Lanean erantzukizunez jardutea. Laguntza behar duenarekiko lankidetza. Materiala txukun edukitzen eta zaintzen inplikatzea. Lengoaia sinbolikoa garatzea. Pentsamendu abstraktua lantzea. Pentsamendua antolatzea. Auto-estimua garatzea. Irakurzaletasuna bultzatzea.

Aldizkaria

OIA (Ondarreta Ikastetxeko Aldizkaria) metodologikoki eragile gisa hartutako tresna edo jarduera bat da, oinarrian ikasleen interesak, jolasa eta helduen mundua antzeratzea baititu. Eta jomuga bat da, gai guztien curriculumean proposatutako jarduerek egunkaria baitute abiapuntua eta zergatia. Telebista, irrati eta liburutegiarekin batera, OIA ikasle jardueraren ardatza edo hauspoa da.

Helburuak:

  • Gure kultur izaera islatzen eta haratago eramaten duten kazetaritzako testuak lantzea, lengoaia eta baliabide informatikoei bide emanez.
  • Kritikarako gaitasuna, lana antolatu eta koordinatzeko gaitasuna garatzea, gizartea zerbitzatzeko modu gisa.
  • Lana eratu eta planifikatzea.
  • Albisteak kritikoki baloratzea.
  • Lankideen lanak ikuskatu eta baloratzea.
  • Kazetaritzako testu ezberdinak (editoriala, inkesta, elkarrizketa, kritika, kultur agenda…) lantzea, horien ezaugarriak kontuan hartuta.
  • Erabiltzen diren informatika programak ezagutzea (testu prozesadorea, maketagintza, eta abar ).
  • Arau ortografikoek, hizkuntzaren zuzentasunak eta lanaren estetikak duten garrantziaz jabetzea eta hori barneratzea.
  • Egindako lanaren gainean hausnartzeko denbora hartzea.
  • Jarduera gizartea zerbitzatzeko modu gisa hartzea.
  • Laguntza behar duen edonorekin lan egitea.
  • Materiala ordenatu eta zaintzeaz arduratzea.
  • Hizkuntza aniztasuna gertutik bizitzea.
Testuliburuak

TESTULIBURUA EZ DA OINARRIZKO ERREFERENTZIA GISA ERABILTZEN

 

  • Testuliburua hainbat baliabideetako bat da eta, horrela hartuta, bere ekarpenak izan ditzake baina oinarrizko erreferentzia gisa erabiliz gero, mugatu egiten du.
  • Ez du jarduera egonkorrik proposatzen, ez eta programaren gainontzekoaren jarduera osagarririk ere. Edukiei aldi baterako tratamendua ematen zaie, ez da ziklikoa. Une batean ikasi den hura behin betiko ikasitzat jotzen da. Normalki, gai horretara ez da sistematikoki itzultzen.
  • Ez da interesetatik edota gaiak elkarlotuta dauden bizi-egoeretatik abiatzen, zioa eta xedea falta zaie; hau da, zergatia.
  • Informazio iturriak mugatzen ditu. Bizitzan zehar ez duzu iturri bakar batetik edaten; mundua ulertzeko ez duzu eskema bat soilik erabiltzen. Testuliburua tresna itxia, ereduzkoa, izan daiteke, ikasleen eta irakasleen ardatz bihur daitekeen protagonista.
  • Liburuak, helburua nagusia merkatuko interesak asetzea duten argitaletxeek egiten dituzte eta interes horiek, sarritan, hezkuntza-interesen gainetik egoten dira.
  • Segidakotasun logikoa eta ordenatua erakusten badu ere, testuliburuak ez du ematen hautaketa eta sintesi-gaitasuna garatzeko biderik; izen ere, egina baitago, eta askotan ez da bat etortzen ikasle bakoitzak momentu jakin batean bizi duen ikasketa-unearekin.
  • Liburuak zer dioen, hori da balio duena. Ez du ematen bakoitzaren gaitasun kritikoa garatzeko aukerarik, ezin da aurreratze-faktore gisa erabili.
  • Nortasunaren eta gizarte harremanen garapenarekin lotutako edukien gainetik, eduki kontzeptualak nagusitzen dira normalean.
  • Testuliburu batean garbi dago zer lantzen den, paperean adierazita baitago. Baina testuinguruan, alor zabalagoa denez, lantzen den guztia ez da ikusten. Oro har, ezagutzen den hura baloratzen da eta horrek, irakasleen zein familien prestakuntza lana dakar berarekin.
  • Batetik, bere alde ona du, dena egina ematen baitu; baina, beste aldetik itolarria sortzen du, ezin izango ote den guztiz bukatu edota ikasle guztiak ezin izango ote diren iritsi liburuak proposatzen dituen helburuetara. Menpekotasun gurpila sortzen du eta gurpil horretatik irten nahi izanez gero, hau da, taldearen, norbanakoen edota unean-uneko premiei egokitu nahi izanez gero, irakaslegoak sekulako ahaleginak egin behar ditu material osagarriak bilatzen edota bere programa propioa sortzeko baliabideak topatzen.
  • Irakaslego mota jakin bat sortzen du, prozesuaren barruan zuzendari edo protagonista bilakatzeko joera hartzen duen irakaslegoa, talde osoarentzako diskurtso bakar bat errepikatzen duena.
  • Egokitzapen kurrikularrak egin eta martxan jartzeko biderik ez du ematen.
  • Ikasleek ez dute ezer hautatzen, ez dute aukerarik egiten, lan mota jakin batera baldintzatuta daude.
  • Testuliburu bakar batek mugatu egiten du, erritmo jakin bat ezartzen du, bakoitzarena zein den begiratu gabe. Batzuen makina behartu eta beste batzuen lana eskas uzten du.
  • Egunero gehiegizko pisua eramateak fisikoki eragiten du.
  • Familiek segurtasuna eta kontrola eskatzen diote testuliburuari.
  • Familiarentzako zama ekonomikoa dakar.
Irratia

Irratiko teknikariak 2. zikloko bi geletako bi ikasle izaten dira. Bat, 3. mailakoa, eta bestea, 4. mailakoa.
Egun osoz aritzen dira. Txandak katean egiten dira. Hala, goizean egon den ikasleak arratsaldean iristen den ikasleari irakasten dio.

Irratian hasten denak teknikari lana egiten du, eta besteak –irakasle lana egiten duenak– kontrolatzaile-lana.

Teknikaria alde teknikoaz arduratzen da. Soinu-mahaian egiten du lana: bolumena doitzen eta musika egokia jartzen (programa tartean edo isiluneetan).

Kontrolatzailea irratiko funtzionamendu orokorraz arduratzen da. Egunean zehar egiten diren programen izenak eta egileak apuntatzen ditu kontrol-fitxan (Ikus eranskina 8). Ordu berean programa bat baino gehiago iristen bada, txanda ere ematen du. Aurreko arratsaldean edo goizean lanean aritu denez, teknikariari lagunduko dio bere lana betetzen.

Egunaren bukaeran balorazioa egin behar dute balorazio-fitxan.

Musika ordenagailuaren bidez jartzen dute; horretarako, iTunes programa erabiliko dute.

Irratira inor ez badator, prentsan argitaratutako idazlan batzuk irakurriko dituzte. Orokorrean ziurtatu behar dute hamabost minutuz behin programa bat emititzen dela.

Helburuak:

  Planifikatzeko gaitasuna garatzea.

  Kritika garatzea.

  Informatikaren balioa aurkitzea eta bere aukeretara irekitzea.

  “Hemen eta orain”-arekin konektatzea.

  Eskola-komunitatea gizarte antolatutzat hartu eta haren egiturak eskola-kolektibitatearen zerbitzura jartzea.

  Mundu hurbileko gertaerak albiste bihurtzea.

  Ikasleei begiak zabaltzea eta gizarte ireki eta anitzari begira jartzea; hau da, ikuspegi zabaleko gizarterantz apurka gerturatzea.

Telebista

Telebista gure Sisteman

Ondarretako telebista ez da grabatze, filmatze edo editatze teknikak ikasteko tailer huts bat, beste jardueretatik aparte dagoen bat. Ikasleek departamentuetan egiten dituzten jardueretarako irteera bat da, are gehiago, jarduera horietarako motibazio bat da, ikasleek adierazi eta erakutsi nahi dituzten lan asko egiten baitituzte bertan. Matematikarekin hasi eta plastikaraino iritsiz, hizkuntz euskarria duten eta bere ikaskideen aurrean kamera bidez aurkez daitezkeen bestelako lan guztiak tartean direla. >br> Edozein telebista-programaren sorburua liburutegian, mediotekan, bizi izandako esperientzia batean, norberaren literatur lan original batean… egon daiteke. Gizartean bezala, Ondarretako telebistak komunikatzeko balio du, batzuek burututako sortze lana besteen jakin-minarekin lotzeko.

Nola antolatzen gara?

Ondarreta estudiora joaten bagara bi haur ikusiko ditugu eta, helduen gisara, lan bat, besteei eskaintzeko zerbitzu bat egiteko prest daude. Egun horretan, departamentuetan gauzatuz joan diren jarduera horiek guztiak grabatzeari ekingo diote.
Kameralariak binaka aritzen dira, egunero-egunero txandakatuz astean zehar. Funtzionamendu teknikoari buruzko irakaskuntza lan zehatza kamerek berek egiten dute, dakitena elkarri erakusten baitiote kate bati jarraiki.
Kameretara eta estudiora itzuliz, ikusten dugu programazio-ordutegiaren arabera ziklo eta departamentu desberdinetako ikasle-talde desberdinak iristen direla. Programak zuzenean ematen dira, eta aldi berean grabatu egiten dira, hain zuzen programa egin dutenek berek ikusi ahal izan ditzaten egoki irizten diotenean.
Era askotako programak daude, informatiboak, erakusketak, sketch bat, lehiaketak, salmentak, laborategian eginiko esperimentuak… Badirudi Hizkuntza, Natura, Gizarte, Ingeles eta bestelako departamentuak produktoreak direla, eta baliabide komun bat (estudioa) erabiltzen dutela egin duten lana emititzeko. Estudioan egin ezin daitezkeen jarduera guztiak, esate baterako antzerki bat, koreografia bat, patioan egiten den zerbait, gela batean ematen ari diren hitzaldia… kasuan kasuko interes-gunera joaten den OTB-ren unitate mugikorraren bidez grabatzen dira.

Ondarretako telebistaren helburu hurbilak honakoak dira:
telebistako programak grabatzea, editatzea eta sortzea, ikus-entzunezko zein informatikako lengoaietara zabalduz, kritika eta laneko plangintza zein koordinazio gaitasuna garatuz, eta kolektibitate osoari eskainitako zerbitzu gisa ikusiz

Liburutegia

Mediateka, oinarrizko baliabide gunea eta departamentuetako lanak egiteko informazio iturri nagusia da.

Informazioa eta komunikazioaren gizartean, ezin dugu ezagutza-sarbidea testuliburu bakar baten edo ikasgelako liburutegian mugatu. Horregatik ikasleei eta irakasleei informazioa euskarri desberdinetan (liburuak, ikus-entzunezkoak, Internet …) curriculuma, kultura eta aisialdi beharrak asetzeko aukera ematen duen mediateka zabala eta zentralizatuaren alde apustu egin dugu.

Honek eskaintzen dituen baliabide eta ikuspegi anitzak, ikasleen prestakuntzan informazio bilaketa, azterketa eta trataera ikuspuntu kritikotik areagotzen du.

Ez da informazio iturri bakarra. Komunitateak, familiak, euren esperientzietatik, euren bizipenetatik, hainbat gairen inguruko informazioa osatzen duten beste datu asko ematen dute.

Mediatekak ikuspegi oso zehatza du. Eskolako birikak bezalakoa da. Liburu eta beste baliabide fondoak ez dira kontserbazio-liburutegi bati dagozkionak; egun osoan zehar departamentuetako eguneroko lanean sortutako beharrei erantzuten die.

Mediateka erabilera erreza ahalbidetzeko antolatuta dago.

Ikastetxearen zerbitzu gisa ulertzen dugu eta ikasleek modu aktiboan maileguen kudeaketan eta beren kideen eskakizunei erantzunez parte hartzen dute.

Mediatekaren erabilera sistematikoaren bidez, eskola maila gainditu nahi dugu eta ohiko liburutegi publikoetan eta hiriko kultur etxeetan erabiltzeko ohitura sustatu nahi dugu.

Aldi berean, jarduera desberdinen bitartez, ikasleengan irakurtzeko grina eta irakurketa ohitura sustatzea nahi dugu. Ipuin kontalariak, tertulia literarioak edo literatura-blogak besteak beste dira garatu egiten direnak.

Ziklo programak adinak nahastuz eginak

Adinak nahastea aniztasunaren esparrua areagotzen duen elementu bat da

Adinak nahastea aniztasunaren esparrua (sexua, adina, kultura…) areagotzen duen beste elementu bat da Gizarte elkarrekintzarako esparru bat sortzea errazten du, eta honek, bere aldetik, indibidualizazio printzipioa aplikatzea eskatzen du. Horrenbestez, posible da maila kontzeptua gaindituz zikloko programen bidez lan egitea. Pertsonaren zein taldearen hazkuntzarako heziketa-esparru bat itxuratzen duten talde-dinamiken etengabeko garapena bultzatzen du. Haur Hezkuntzan urte berean jaiotako ikasleak biltzen dira, eta horrenbestez adin aniztasun handi samarra lortzen da.

Kritika konstruktiboa aurrerapenerako faktore gisa

Baikorrak diren iritzi kritikoak adierazteak, behaketa eta ebaluaketa zehatzeko bitartekoen aukera behar du

Jardueren dimentsio publiko eta sozialak sortzen duen testuinguruan, posible da bakoitzak egiten duen lanari buruzko iritzi kontrastatuen fluxu bat garatzea, eta fluxu hau modu positiboan bideratuz gero, aurrerapenerako faktorea izan daiteke, bai halako jarduera bati buruzko iritziak eta kritikak egiten dituztenentzat, bai horiek guztiak jasotzen dituztenentzat. Iritzi kritiko positiboak azaltzeko, jarrera bat, behaketarako eta ebaluaziorako lanabes espezifiko batzuk, gaiari buruzko irizpide propio finkatu batzuk, eta jarduera autonomorako gaitasuna behar dira. Beste batzuen usteak eta iritziak jasotzen dituztenean, ikasgai berriak bereganatzen laguntzeaz gain, ikasleak ohitu egiten dira bereaz aparteko iritziak entzuten, eta dagokien moduan baloratzen ere bai gainera; honek, bere aldetik, norberaren irizpideetan sakontzea eskatzen du. Ikuspuntuak trukatzeko dinamika honetan sendotu egiten dira elkarrizketaren eta besteen iritziekiko tolerantzia eta errespetuaren balioak, inguruko errealitateen aurrean kritika konstruktibo eta positiboaz jarduteko ohiturarekin batera.

Zertarako

Aktibitate guztiek arrazoi bat dute, eta arrazoi horrexek eskaintzen die ikasleei jarduera horren zentzua eta azalpena

Dena delako testuinguruan ikasleek burutzen dituzten jarduera guztiek dute “zertarako” bat. Hau da, arrazoi bat dute, eta arrazoi horrexek eskaintzen die ikasleei jarduera horren zentzua eta azalpena; gainera, ikasleek ulertzeko modukoa izan behar du.

Ez da irakasleek jardueraren bidez lortu nahi dituzten helburuekin nahastu behar. Izan ere, “zertarako” hori ikasleek berea balitz bezala hartzen duten arrazoi bat da.
Lana ez da irakasleek exijitzen dutenean oinarritzen. Oso bestela, elkarrekintza-jolasak berak eskatzen du jarduera kalitatez garatzea.

Jarduera horren arrazoi edo motiboa egiten den testuinguruan bertan egon daiteke, eta kanpo irteera batean oinarriturik, esate baterako “irratian”, “prentsan”, “telebistan” edo “erakusketa eta ikuskizunetan”; izan ere, horrelakoek auto-exijentzia bat eragiten dute, gauzak ondo egiteko gogoa, mezuak nori zuzentzen zaizkion kontuan hartu beharrarekin batera.

“Zertarako” hori ikasleen arrazoi bat da, interes edo motibaziotik abiatzen den jarduera garatzeko.

Eta jardueraren bidez lortu nahi den helburu bat, jarduerak izan dezakeen gizarte erabilera gisa defini dezakegun helburu bat ere bada.

Ildo honetatik, ikasleen bizitza indibidualarekin eta kolektiboarekin lotzen du jarduera. Ez da hainbeste lan egiten ‘gero’ baterako, ‘etorkizun’ baterako, baizik eta ‘orain’ eta ‘hemen’ baterako, bizi-jardueren bidez, jarduera hauetan ikaslea bizi daitekeelako, eta izan daitekeelako, eta izan badelako ikasi egiten duelako. Ikaskuntza hauek orokortuz joango dira, eta gaitasun berriak garatzea ahalbidetuko dute.

“Zertarako” hori antolaketa egituraren zati da, eta horrelakoa izaki, pentsamendua eragiten du, zeren eta aukeratzera, planifikatzera, sortzera, hainbat baliabide erabiltzera, erabakiak hartzera, erantzukizunak hartzera behartzen baitu. Bizitzarako lanabesak eta baliabideak bereganatzea bultzatzen du.

Eta kritika konstruktiboaz elikatzen da, horrelako kritika aurrerapenerako faktorea delako, iritzi eta jarrera desberdinak kontrastatzen diren foro bat alegia. Eta foro honen ondorioa norbanakoaren zein taldearen hazkuntza da.

“Zertarako” horrek eduki batzuk ikastea dakar berekin, eta gaitasun edo helburu batzuk garatzea. Kontua da hezkuntzako helburuak garatzea, ikasleen arrazoi eta helburuei ere, hau da, jolasari ere dagokion presentzia eta garrantzia emanez.

“Lan Metodoa” beti prest dago

Ikasleek egin behar dituzten jarduerei

Ikasleek egin behar dituzten jarduerei “lan metodo” esaten diegu. Berehalako edo ekintzazko helburuak dira, progresioan daude, eta lan metodo bihurtzen dira. Eta metodo horrek bakoitza bere metodologia sortuz joan ahal izateko bezain zabal izan behar du. Irakasleentzat, esku-hartzeko eta jarraipena egiteko funtsezko lanabes bat da. Lan metodoaz hainbat gauza ahalbidetzen dira, hala nola: Jarduteko autonomia maila bat. Ikaslea prozesuan kokatzea (non nago?, zer egin dut?, zer falta zait?…) eta irakasleek ikaslea prozesu horretan kokatu ahal izatea. Zikloko oinarrizko lexikoa garatzea. Metodo baten arabera lan egiten ikastea.

Ezberdintasuna nolakotasuntzat hartuta

Aniztasunaren aldeko erronka. Programa eginda dagoen moduan, ikasle guztiek aukera dute bakoitzak bere erritmoaren eta maila espezifikoaren arabera aurrera egin ahal izateko.

  • Ezberdintasuna nolakotasuntzat hartzen da, ez bazterketarako faktoretzat. Izan ere, denak ezberdinak izatea da gure abiapuntua.
  • Ikuspegi honek planteatzen dituen arazo espezifikoetako batzuei ekin ahal izateko, Arreta Espezifikoko Zerbitzua sortu da.
  • AEZ-n, kasuan-kasuan inplikatutako irakasleekin koordinaturik, beharrezko ikusten den guztietan ikasketa-planen egokitzapen indibidualak burutzen dira, horien jarraipen eta balorazioarekin batera.
  • Eta AEZ-k bereziki jorratzen ditu arazo espezifiko ongi mugatuak dituzten ikasleei sortzen zaizkien beharrak asetzeko moduak, esate baterako gorreria, itsutasun, Down sindrome, autismo, arantza zatibitu edo garapen arazo larrien ondoriozko arazoei begira.
  • AEZ-k, bere lana egiten duenean, ez du inoiz ordezkatzen tutoreak haurrengan duen erantzukizuna, hau beti mantentzen da eta.
  • Ezberdintasuna aberasgarria dela ulerturik, sistema ez da soilik ikasleentzako ekarpen bat; izan ere, ikasle bakoitzak berak ere eskola-komunitate osoa eta sistema bera aberasten ditu, bere ezaugarri, bertute eta muga guztien bidez.

Hainbat irakasle – ikasle talde bakoitzarekin

Irakasle bakoitza Departamentu batean espezializatzen da. Honetan zenbait testuinguru egonkor daude

Sisteman desagertu egiten da “gelako irakasle” nozioa; izan ere, irakasle bakoitza Departamentu batean espezializatzen da. Honetan zenbait testuinguru egonkor daude, eta ikasle taldeak aldian-aldian igarotzen dira horietatik. Metodologi sistema komun bat behar du: IHP, IIK eta irakasle guztien lana artikulatuko duen antolaketa egitura bat. Honetatik esku-hartzeko diseinu komun bat ondorioztatzen da, talde-lanean jardutea eta estrategia komun batzuk garatzea eskatzen duena. Ikasleen jarraipen zehatzago eta kontrastatuagoa egitea ahalbidetzen du, zeren eta ikasleek aukera baitute irakasle gehiagorekin hartu-emanak izateko, eta baita bere nortasunaren alderdi gehiago erakusteko ere. Tutoretza kontzeptu espezifiko bat eskatzen du. Ongi definitutako antolaketa egitura bat behar du.

D hizkuntz eredua

Helburua ikasleak euskara guztiz menperatzea da,  bai eta  gaztelera zein inglesa, baina ez hizkera arruntean bakarrik, askoz ere sakonago baizik

 

EZARRITAKO EREDUA:

D eredua.

 

Etapak, Zikloak eta Organigramak

Sistemaren bizi-jarduera nagusiak desberdin samarrak dira ikasleen adinen arabera (hau da, etapa edo zikloen arabera), zeren eta beren bizitzako interesak aldatuz joaten baitira hazi ahala. Lantzen ditugun etapak bi dira:
Haur Hezkuntzakoa (2 urtetik 5era bitartean) eta Lehen Hezkuntzakoa (6 urtetik 12ra bitartean)

Haur Hezkuntzakoa bi ziklotan banatzen da:
1. zikloa (2 eta 3 urte)
2. zikloa (4 eta 5 urte)

Lehen Hezkuntzakoa hiru ziklotan banatzen da:
1. zikloa (6 eta 7 urte)
2. zikloa (8 eta 9 urte)
3. zikloa (10 eta 11 urte).

Haur Hezkuntzako organigrama:

Lehen zikloko organigrama:

Bigarren zikloko organigrama:

Hirugarren zikloko organigrama: